Legearen arabera, lan-kontratua idatzizkoa edo hitzezkoa izan daiteke (1620/11 Dekretua, 5, artikulua), eta aldeetako edozeinek eskatu ahal izango du idatziz egitea, lan-harremanaren edozein unetan.
Hitzezko kontratuaren kasuan, denbora tarte mugagaberako dela ulertuko da, eta lanaldi osorako. Hala ere, kontratua idatziz jasota egon beharko da honako kasuetan:
- Denbora partzialekoan, finko etena edo errelebokoa denean.
- Lau astetik gorako kontratuen kasuan.
Idatziz jaso beharko da kontratua partziala denean, hau da, astean 40 ordu baino gutxiago lan egin behar denean, edo lau astetik gorakoa izango den kasuetan.
Kontratu mota edozein dela ere, langileak eskubidea izango du horren funtsezko elementuen inguruko informazioa jasotzeko, hala nola:
- Gauzazko soldata-prestazioa, horrela adostu denean.
- Langileak etxe horretan lo egitea, hala badagokio.
- Presentzia denboren iraupen eta banaketa, hala adosten bada, eta horien banaketa edo konpentsazio sistema.
- Hasierako oinarrizko soldataren kopurua eta soldata osagarriak, baita ordainketaren maiztasuna ere.
Idatzizko kontratuak segurtasun handiagoa ematen die alde biei; ordutegi, soldata, funtzio eta abarren inguruan hartutako konpromisoak idatziz jasota geratzen dira. Bi kontratu eredu daude inprimakiak eta formularioak atalean: aldi baterakoa eta mugagabea.
Gainera, langileari baliagarria izan ahal zaio bere langile izaera egiaztatzeko, esaterako, maileguak, gizarte laguntzak eta abar eskatzeko. Enplegatzaileari baliagarria izan ahal zaio bere enplegatzaile izaera egiaztatzeko eta soldata moduan egindako ordainketa justifikatzeko.